Estropadaz betetako asteburu bat aurretik
Uztailean sartuta gaude eta arraun denboraldia pil-pilean dago asteburu honetan. Bina estropada jokatuko dira TKE, KAE1, KAE2 eta Eusko tren ligetan.
TKE ligan larunbateko zita Pedreñan izango da eta igandekoa Portugaleten. Oriok aurreko astean bi estropadak irabazi eta gero, guztien ikuspuntuan egongo da. Ikusteko izango da nagusitasun horrekin jarraitzeko gai den.
KAE1 ligan, larunbatean estropada Pasaian jokatuko da eta igandean, berriz, Camargon. Liga honetan orain arte berdintasuna nagusi da eta ikusi beharko da asteburu honetan horrela jarraituko duen edota traineruren bat burua erakusten hasten den.
KAE2 ligari dagokionez, asteburuko zitak Getxo eta Pasaian izango dira. Hemen ere berdintasuna nagusi da. Portugalek bi estropada irabazi ditu eta ligaren hirugarren postuan dago. Getaria, estropada garaipen batekin, ligaren buruan dago.
Azkenik, bihar nesken Eusko tren ligari hasiera emango zaio. Liga honetan 4 traineru lehiatuko dira eta 8 probek osatuko dute. Larunbatean zita Pedreñan izango da eta igandekoa, berriz, Portugaleten.
