Temporada amaitu da. Analisi txiki bat.
Igandean, Portugaleten, arraun denboraldiari bukaera eman zitzaion. Estropadaz betetako hiru hilabete izan dira eta bi protagonista nagusi egon direla esan dezakegu: Castro eta Kaiku. Baina, azter dezagun tenporada nola joan den.
KAE2 ligan, Deusto eta Trintxerpe ibili dira nor baino nor eta azkenean bizkaitarrek irabazi dute liga. Igoera 'play-off'-ean Tritxerpe nagusitu zen eta hurrengo urtean bi traineruak KAE1 ligan arraun egingo dute.
KAE1 liga Astillero faborito nagusia zuela hasi zen eta pronostikoak bete egin dira. Kantabriarrek lehen bi estropadetan huts egin bazuten ere (bloke nagusia aulki mugikorreko txapelketa jokatzen ari zen) hortik aurrera estropada bat kenduta, gainontzeko beste guztiak irabazi zituzten. Astillerokoen itzalean, Pasai Donibanek denboraldi ona egin du eta bi bandera irabaztea lortu zuen, ligan bigarren postuan bukatuz. Igoera 'play-off'-ean bi traineruek TKE ligara igotzea lortu zuten.
Aurten ere, liga berri bati hasiera eman zaio, emakumezkoen Euskotren ligari. Lehen edizio honetan zortzi estropada jokatu dira eta lau traineruk parte hartu dute. Guztien artean hobere Galiziako trainerua izan da.
TKE ligan Castro izan da jaun ta jabe eta 12 estropada irabaztea lortu du. Pasai San Pedrok tenporada oso ondo hasi zuen eta Castrokoen arerio nagusia izan zitekeela zirudien baina pixkanaka indarra galduz joan ziren. Pasaitarrek bi bandera irabaztea lortu dituzte. Hondarribiak ere denboraldi ona egin ere baina ez du lortu banderarik irabaztea.
Urdabairen denboraldi txarra aipatu behar da, iaz liga irabazi eta gero koadrila on batekin ekin zioten ligari baina ez dute asmatu eta ligaren erdialdean ibili dira denboraldi osoan zehar.
Oriok aldaketa asko eta kuadrila gaztea zuen aurten. Ez dute denboraldi txarra egin, baina Oriotarrengandik beti espero izaten da gehiago. Bandera bat irabaztea lortu dute.
Zarautzek entrenatzaile berriarekin hasten zuen liga, plantila nahiko motz batekin. Gero lesioak direla eta, Zarautztarrek ezin izan dute beren maila hobetena eman eta ez dituzte errepikatu aurreko urtetako emaitza onak.
Kontxa eta txapelketak Kaikuren gauza izan dira. TKE ligan kuotak direla eta, ez bezala, estropada hauetan arraulari guztiak erabil zitezkeen eta kuadrila horrekin Kaiku garaitezina izan da. Bizkaia, Euskadi eta Espainiako txapelketak irabazi ondoren irailean Kontxa nagusitasun haundiz irabazi zuten.
Hurrengo urterako denboraldi polita espero dezakegu: Astillero berriro lehen mailan, bi Pasaiak berriro elkarrekin lehian, Kaiku, prestatzaile aldaketak...
